soraluce-summit-2026

Diseinua ardatz eraldatzaile gisa

2013an, eta diseinua etorkizuneko estrategia gisa posizionatzeko helburuarekin, Proiektu Globala sortu zen, produktu-gama osoaren birdiseinu integraleko prozesua eta inflexio-puntua SORALUCErentzat, enpresaren barruan diseinua ulertzeko modua birdefinitu baitzuen. Proiektu Globalak SORALUCE esperientzia eraldatu zuen, funtzionaltasunetik, ergonomiatik eta segurtasunetik, identitate bisualeraino, lengoaia formal propio bat sortuz eta erabiltzailearekiko interakzio intuitiboago eta koherenteago batekin.

Ikuspegi horren ondorioz sortu zen FXR modeloa, eta horren garapenak Red Dot Award 2016 saria lortu zuen, diseinu industrialaren arloan nazioarteko sari ospetsuenetako bat. Ibón Román Diseinu Industrialeko arduradunaren hitzetan: “Diseinu industriala ez da apaingarri bat. Doitasuna, segurtasuna eta pertsonaren eta makinaren arteko harremana hobetzeko tresna da. Red Dot Saria Proiektu Globalarekin jaio zen ikuspegi baten ondorio logikoa izan zen.”

SORALUCE kanpusa: arkitektura, kultura eta teknologia hizkuntza berean

2020an SORALUCE Kanpusa proiektua sortzen hasten da, Proiektu Globalaren luzapen arkitektoniko gisa interpreta daitekeena. Kanpusa ez da eraikin multzo bat bakarrik, ikasteko, esperimentatzeko, bezeroekin elkarreragiteko eta ezagutza partekatzeko ekosistema bat da. Bertan, sinergia argiak sumatzen dira kanpoaldearen eta barrualdearen artean, hirikoaren eta produktiboaren, teknologikoaren eta kulturalaren artean. Barruan, prestakuntza, erakustaldi eta baterako sorkuntzako guneek Proiektu Globalaren logika luzatzen dute: ibilbide intuitiboak, estetika koherentea, ergonomia bisuala, eta irekitasuna eta bikaintasun teknologikoa transmititzen dituen atmosfera.

Honela laburbiltzen du Ibon Romanek: “Kanpusak gure makinen hizkuntza bera hitz egin behar zuen: zehaztasuna, integrazioa, ordena. Baina auzoko hizkuntza ere hitz egin behar zuen, ibaiarena, bidegorriarena, Osintxu auzoaren historiarena. Ez genituen eraikin isolatu batzuk nahi, inguruarena izango zen leku bat baizik”

Narratiba koherentea: diseinua, teknologia eta komunitatea

SORALUCEren ibilbide berriak —Proiektu Globala, Dot Award 2016 Sarea, Campusa eta SUMMIT— narratiba sendoa osatzen du, hiru zutabetan oinarritua:

  • Abangoardiako teknologia, produktibitatearen eta zehaztasunaren zerbitzura.
  • Diseinua, makinatik arkitekturaraino doan hari eroale gisa.
  • Konpromiso kooperatiboa, bere arrakasta ingurunearen ongizatearekin lotuta dagoela ulertzen duen enpresa batekin.

Osintxu Bizi: industriatik auzoa biziberritu

Ikuspegi hori Osintxu Bizi proiektuan islatzen da. Hiria eta gizartea biziberritzeko ekimena da, eta SORALUCEk aktiboki parte hartzen du, hauek bultzatzeko:

  • Espazio publikoa hobetzea, irisgarriagoa eta atseginagoa izan dadin.
  • Gizartearen biziberritzea, sare komunitarioa indartuz.
  • Enpresaren eta auzoaren arteko lotura, harreman irekia eta elkarlanekoa sustatuz.

Osintxu auzoa ez da soilik gune produktiboa, bizitzeko eta memoria kolektiborako lekua da. Hala dio Rafa Idigorasek, SORALUCEko Zuzendari Nagusiak: “Ez dugu enpresa auzorik gabe ulertzen. Osintxuk identitatea eman digu hirurogei urte baino gehiagoz eta guri ere bere etorkizunean laguntzea tokatzen zaigu.”

Proiektu Globalak, 2016ko Red Dot Award, SORALUCE Kanpusak, SUMMITek, Osintxu Bizi proiektuak eta kultura eta industria uztartzen dituzten Campuseko eskulturek historia bera osatzen dute: diseinua estrategia gisa, teknologia bultzagile gisa eta tokiko eremua aliatu gisa ikusten duen kooperatiba baten istorioa.