Proiektu hau osatu ondoren, uste dugu eraldaketa teknologiko eta digitalak sortutako agertoki berriek, Garapen Jasangarriko Helburuetan oinarritutako paradigma eskatzearekin batera (pertsonak ardatz hartuta), abiapuntu genuen premisa berresten dutela. Hau da: Diseinuaren ezaugarri erabakigarria Gipuzkoako enpresak 5.0 Industrian sartzea eta hara igarotzea erraztea da, ekosistema profesionala eratuz, erabiltzaileentzat eta gizartearentzat irtenbide egokiak emateko gai dena eta sormen enpatikoa, berrikuntza eta jasangarritasuna ezaugarri izango dituena.
Gure ustez, Diseinuak testuinguru horretan bete ditzakeen eta bete beharko lituzkeen funtzioak «pertsonaren» kontzientzia osoan oinarritzen dira (norbanakoaren eta taldearen izaeran, etxeko, gizarteko eta laneko esparruetan). Onarpen horren eskakizunek Diseinuaren zereginaren eta 5.0 Industriaren zerumugaren ikuskera hedakorra dakarte berekin, eta horrek nabarmen eragiten dio 5.0 Gizarteari. Gizarte-kohesioak eta hori oinarritzen duten elementuek aurrean dugun eta proposatzen dugun ereduaren zati bat kokatzen dute, horrek dakartzan «balioekin» eta baldintzekin.
Zentzu horretan, Diseinuaren sektoreak «5.0 inguruneetan» Gipuzkoako enpresa-sarearen etorkizun lehiakorrari lagunduko dion esku-hartze eredu bat antolatzeko duen erronka estrategikoa azpimarratu nahi dugu.
Diskurtso operatiboa (argudioak: kontzeptuak, ideiak eta erreferentziak) Diseinuaren eta ekonomia sortzailearen sentsibilizaziorako eta sustapenerako tresna izan dadin, lau dokumentu nagusi sortu dira, Txosten-memoria gain:
- Kontzeptualizazio-txostena: «5.0 Industriari eta Diseinuaren ekarpenari buruz. Kontzeptualizazioa eta indar-ideiak»
- Prospekzio-txostena: «5.0 Gizarteari buruzko joeren eta horiek Gipuzkoan eta Diseinuan duten eraginaren azterketa. «Gipuzkoako 5.0 gizartea 2030ean» agertokia aurreratzen»»
- Landa-lanaren txostena: «5.0 Industriari eta Diseinuaren ekarpenari buruz. Landa-lana: erreferentziazko eragileak eta diseinugileak»
- Txosten dokumentala: «Erreferentzia dokumentalen txostena [Zaintza estrategikoa]»
Dokumentu horiek oinarri gisa erabili ahal izango dira Diseinuaren eta 5.0 Gizartearen «Liburu Zuria» egituratzeko. Printzipio gidariak eta jarduera-proposamenak izango dituen «Liburu» bat, Diseinuak Euskadiko enpresa eta erakundeekin batera zeregin estrategikoa eta bideratzailea izan dezan.