EIDE eta euskal diseinatzaile grafikoak

EIDE-ko Zuzendaritza kontseiluak bere poza adierazi nahi du azken bi hilabeteetan gure elkarteko zenbait kideren eta euskal diseinugile grafikoen talde esanguratsu baten artean izandako bileren emaitzak direla eta. Emaitza horiek laburbilduz islatu dira Facebook-eko zenbait forotan eta taldetan partekatu eta argitaratu ondoren helarazi zaigun dekalogoan.

Era berean, Zuzendaritza kontseilua bat dator profesionalek batzar horietan egindako diagnostikoarekin eta gure sektoreak Euskadin bizi duen unearen garrantziari buruz adierazitakoarekin. Hori dela eta, oso pozik jaso du euskal diseinugile grafiko horiek gure elkarteko kide bilakatzea. Inolako zalantzarik gabe, horrek berriztatu eta dinamizatu egingo du elkartearen jarduera, eta nabarmen azkartuko ditu dekalogoan jasotzen diren eskariei erantzun ahal izateko elkarteak sektorera egin behar duen hurbilketa eta erabakiak hartzeko prozesua.

Eskerrak eman behar dizkiegu bilera horietan modu batera edo bestera parte hartu duten guztiei eta prozesuan sustatzaile gisa aritu direnei, batez ere.

EUSKADIKO DISEINUGILEEN ELKARTEA ETA EUSKAL DISEINUGILE GRAFIKOAK

Euskadiko Diseinugileen Elkarteak (EIDE) proposaturik, eztabaida prozesua abiatu da Euskadiko diseinu grafikoan ari den profesional talde batekin, sektorearen inguruko arazoei eta arazo horiei erantzuteko elkartzearen komenigarritasunari buruzko gogoeta egiteko.

Guztiak ordezkatuko gaituen elkarte profesional baten beharra dagoela onartu ondoren, eta diseinu grafikoaren alorreko profesionalak soilik elkartuko dituen elkarte bat sortzearen edota jada existitzen den elkartean (EIDE) parte hartzearen arteko zalantzari dagokionez, jada sortuta dagoen, hogeita bost urte baino gehiago lanean ari den eta solaskide izateko gaitasun nabarmena erakutsi duen elkartea egoteak duen balioa adierazi behar dugu. Horrez gain, urte hauetan diseinu grafikoaren sektorearekin izan duen identifikazio maila txikia izan dela ere aitortu behar da.

Lau lan-bileren ondoren, bertan parte hartu dugun diseinugile grafikoek gure ondorioak aurkeztu nahi ditugu, Euskadiko gainerako profesionalek konpartitu eta aztertu ditzaten eta EIDE-n bertan eztabaidatu daitezen, diseinu grafikoaren sektorea ordezkatzeko asmoa duen elkartea dela kontuan izanda.

  1. Toki erakundeen eta administrazioen, sektore honetako eta beste sektore batzuetako nazio eta nazioarte mailako beste lan eta enpresa elkarteen, unibertsitatearen eta prestakuntza gune guztien, enpresen eta gizarte osoaren aurrean sektore grafikoa benetan ordezkatuko duen elkarte profesionala behar da, horiekin guztiekin izan beharreko lankidetza bideratzeko eta helburuak lortu ahal izateko: diseinua hor dagoela erakustea eta sustatzea, jardunbide profesionala irizpide etikoen arabera garatzea, etab.
  2. Beharrezkoa da elkartetik ekintza zehatzak gauzatzea, lehiaketa deialdietan gero eta ugariagoak diren eta gero eta berme gutxiago eskaintzen duten jardunbide desegokiak, eta administrazioen eta enpresa pribatuen aldetik diseinu grafikoa kontratatzeko orduan nagusi diren baldintza kaxkarrak baztertzeko.
  3. Hori dela eta, elkarteak lege aholkularitza eskaini behar die bere bazkideei, jabetza intelektualaren, plagioaren aurrean egileak dituen eskubideen errespetuaren, ez ordainketen, kontratuak ez betetzearen, gehiegikeriz betetako kontratuen… aurrean.
  4. Beharrezkoa da sektorea hor dagoela erakustea eta bere lanak balioa izatea, euskal profesionalek alor guztietan egiten duten lana ikus dadin, diseinuaz hitz egiten den foroetan parte hartzera deituak izateko, eta administrazioek eta enpresa pribatuek bertako profesionalak kontratatu ditzaten sustatzeko: argitalpenetan, erakusketetan, euskal diseinuari emandako sarietan…
  5. Elkarteak beste profesionalekin izan beharreko elkarrizketa bultzatu behar du, eta baita beste eragile, sektore eta diziplinekin ere –irakaskuntzarekin, enpresa eta lan elkarteekin–, foroak eta plataformak sortuz, nazio zein nazioarteko ekitaldietan parte hartuz, eta Euskadiko baliabide profesionalak elkartuko dituen direktorioa sortuz, beti ere lanbidearen ikuspegi gero eta zabalagoa erakutsiz.
  6. Sektoreko enpresek eta profesionalek elkartean aurkitu behar dute alderdi profesionalari buruzko etengabeko prestakuntza, baina baita kudeaketari dagokiona ere, egunean egoteko eta lehiakor izateko, nazioarteko proiektuetan parte hartzeko, beraien enpresa proiektuak finkatzeko eta finantzaketa bide egokiak jaso ahal izateko, hornitzeko, prestatzeko eta aurrera egin ahal izateko.
  7. Elkarteak kontuan izan behar ditu berau osatzen duten diziplina bakoitzaren berezitasunak, diseinu grafikoari dagokionez, batez ere, bere ordezkaritza organoak eratzean, komunikazioaren euskarri guztietan sektorea erakusteko edo kuoten ordainketari buruzko administrazio gaia ezartzeko orduan, eta baita proiektu berriak abiarazteko, enpresa laguntzaileekin akordioak sinatzeko edo bazkide babesle berriak bereganatzeko orduan ere. Ezinbestekoa da nolabaiteko diskriminazio positiboa aurrera eramatea.
  8. EIDE-ko bazkide egitea norberaren erabakia eta prozesua den arren, eztabaida prozesu honen ondorio gisa profesional talde garrantzitsuak elkarteko kide aldi berean egin izanak argi eta garbi erakusten du EIDE-k pauso indartsuak emango dituela euskal diseinu grafikoaren sektorearen benetako ordezkaritza lortzeko.
  9. Hasitako prozesu honen konpromisoaren erakusgarri, batzuk EIDE-ko bazkide, beste batzuk DIGA-ko (Arabako Diseinu Grafikoaren Profesionalen Elkartea) bazkide, eta gehienak inolako elkarteko kide izan gabe, bilera hauetan, era batean edo bestean, parte hartu duten profesionalak hauek izan dira: Aitor Aretxabaleta, Álvaro Pérez, Ana Malagón, Ane Irizar, Ángela Alonso, Angélica Barco, Arturo Peña, Asier Iturralde, Benicio Aguerrea, Borja Iribarnegarai, Cristina Jerónimo, Dani Lucas, Diego Mar, Diego Sanz, Eider Corral, Goio Telletxea, Higi Vandis, Iker Etxebarria, Iñaki Rodríguez, Iñigo Romera, Javier González, Jota Aretxabaleta, Juan Roller, Marina Goñi, Miguel Ángel Herrera, Nagore Jauregi, Natalia Rotaeche, Nerea Gómez, Nerea Larrabe, Patxi Fernández, Peio Atxalandabaso, Pilar Andrés, Susana Blasco, Unai Jauregui, Vanesa Fernández, Xavier Iñarra.
  10. Aldi berean, bilera horietan parte hartu duten diseinugile grafiko gehienek hurrengo egunetan EIDE-ko bazkide egiteko erakutsi duten borondatea azpimarratu nahi da, eta kolektiboa osatzen duten gainerako profesionalak ere animatu nahi dira, sektore indartsuagoa eta batuagoa lortzeko bidean eman beharreko pauso honekin bat egin dezaten.

Bilbon, 2014ko azaroaren 12an

Iruzkinik ez

(Iruzkinak itxi daude)