«5.0 Gizartea»

«Industria 5.0ra Trantsizioa, Diseinuaren ikuspegitik» proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiaren sostengupean garatu da, “Gipuzkoako enpresa ehunaren lehiakortasuna indartzea sustatzeko programa”-n parte hartuz. Proiektu honen helburua enpresei 5.0 Industriaren konektibitate osoaren egoera berrietara prestatu eta igarotzen laguntzea da, eta hau martxan jartzeko zereginak identifikatu eta aukerak eratzea, betiere Diseinuaren ikuspuntutik. Diseinuaren esku-hartzea funtsezkoa da honek ekarri ditzaken soluzio, ikuspegi, analisi, sortze-ahalmen edota bokazio bideratzaileagatik.

Proiektu honen testuinguruan eta lan-eremua amaitzearren, proiektuaren talde motorrak, Benicio Aguerrea, Iñigo Echeverria, Olaia Irulegi eta Xabier Llordés-ek osatua, Doku taldearen parte-hartzearekin, 2 lan-saio birtual antolatu zituen joan den uztailak 23an Euskadi eta Nafarroako bi erreferentziazko eragile taldeekin batera, bakoitzaren etorkizunarekiko ikuspegia partekatzeko helburuarekin, bai eta erronka berri hauei aurre egiteko gure eremuaren egoera ikertzeko xedearekin ere. Alde batetik, Kepa Kortaren (Donostiako Udaletxea), Blanca del Novalen (BCulinaryLAB), Xabier Abaroaren (Tecnalia) eta Zaloa Campilloren (Euskal Herriko Telekomunikazio Ingenieritza Elkartea) parte hartzea izan genuen, eta bestetik, Miren Estensoro (Orkestra), Nerea Zamacola (Adegi), Humberto Bustince (UPNA) eta Javier Echeverría (Ikerbasque eta Jakiunde-ko kidea) ere etorri ziren. Bi saioetan hainbat eztabida sortu ziren, enpresen erdiguneko paperaren inguruan, datuen kontrola eta honen ikuspuntu etikoari buruz, independentzia teknologikoaz, gobernantza-eredu berrien beharraz, arazo demografikoaz, enpresetan dagoen gazteriaren gabezia eta ordezkatzeaz, karrera zientifiko-teknologikoen formakuntzari eta talentuaren erakartzeari buruz… Beste hitz batzuetan, neurri handiago edota apalago batean, epe luzera edo motzera aurre egin behar izango dizkiegun erronkei buruz eztabaidatu genuen, “5.0 Gizartea”ren etorkizuneko egoerari buruz alegia.

Aldi berean, interbentzio-proposamenak Diseinuaren profesionalen partetik adieraziak izatea komeni zenez, diseinatzaileen talde heterogeneo batekin egin da lan, hautespenerako hainbat irizpide jarraituz eratua: eremu eta diziplina profesionalak; esperientzia, hizketa-ezagutza eta ahalmena; adierazgarritasuna eta proiekzioa, ikuspegien osagarritasuna; eta eremu geografikoa. Horretarako galdetegi bat eratu zen, beraien behaketak jasotzea eta profesionalen errealitatea ezagutzea ahalbideratuz, eta euren Diseinua, Enpresa eta Gizartearekiko —orainaldian eta etorkizuneko egoeretan— ikuspuntua kontuan hartuz. Uztailak 29n saio birtual bat egin zen galdetegiaren konklusioak aztertzeko. Galdetegian hurrengoek hartu zuten parte: Iñaki Remiro, Ana Malagon (La personnalité), Eider Aldape (Maraka), Gorčin Stanojlovic, Xabier Gorostiaga (Grafik Sarea), Adrián Larripa (bigD), Ainara Atorrasagasti (DOT), Curro Claret, Ricardo Antón (ColaboraBora), Juan Sádaba, Carlos San José (Circular Design Factory) eta Didier Mandartek (Haiku Design). Beraien erantzunak aztertuz, Diseinuak jokatu dezaken paper garrantzitsua antzeman daiteke, erabiltzaile eta pertsonaren artean, narratiba bakun eta koherenteetan, sormenean, iraunkortasunean eta ekonomia zirkularrean… Eta horretarako, parte-hartze horizontal eta bertikala funtsezkoa da, bai eta ikuspegi orokorrean espezializatzea, teknologia berrietan hezitzean, lana profesionaltasun eta etikaz garatzea, eta balio estrategikoa helaraztea.

“Industria 5.0ra Trantsizioa, Diseinuaren ikuspegitik”ren hurrengo pausoa lan honen konklusioak txosten batean jasotzea eta “liburu zuri” bat eratzea da, azken hau eremuarekiko jokaera proposamen zehatzekin.

Iruzkinik ez

(Iruzkinak itxi daude)